Castellano
Erantsi gustokoenari
Web-en mapa
Azala Aurrekoa

Botoia Helbideratu zure zergak

Nire ordainketa

Euskara

Argitaraldia: 28/03/2011

Hizkuntza eskakizunak

Zergatik?

1982 urtean Euskararen Oinarrizko Legea onartu zenetik, gure erkidego autonomoan bizi diren herritar guztiei, herri administrazioarekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izatearen eskubidea onartzen zaie, horiek beroriek, esparru horretako hizkuntza ofizialak direlako.

Une horretatik aurrera, administrazioaren esku geratzen da eskubide hori betearazte eta bermatzearen ardura. Ondorioz, eskubide horiek bermatzeko xedeaz, administrazioko zein lanpostutan derrigorrezkoa zen hizkuntza biak menperatzea ere definitzeko bideak eman zituen.

Urte batzuk geroago, 1989an hain zuzen ere, Euskal Funtzio Publikoko Legea onartzearekin batera eta, geroago, berau garatzeko 1997/86 Dekretuaz baliatuta, modu zehatzago batez egituratu ziren Euskararen Oinarrizko Lege goiztiar hartan hain zehaztasun gutxiz aipatzen ziren kontuak. Guzti horietatik sortu ziren egun indarrean ditugun Hizkuntza Eskakizun entzutetsuak.

 

Zer da hizkuntza eskakizuna?

Arestian aipatutako legeek aginduta, Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko lanpostu guztiek, bere ezaugarrien artean, derrigorrezkoa dute hizkuntza eskakizunari dagokiena adieraztea. Beste modu batez esateko, jasota geratu behar da lanpostu horrek zenbaterainoko beharra duen hizkuntza ofizial bietan jarduteko. Praktikan, euskaldun guztiek gaztelaniaz egiten dutenez baina gaztelania-hiztun guztiek euskaraz ez dakitenez, esan daiteke hizkuntza eskakizuna dela lanpostu horretan aritu ahal izateko zenbateraino menperatu behar den euskara. Hala ere, ez da burutik urrundu behar beti hizkuntza ofizial bien tratamendua dela bermatu behar dena.

Lanpostu bakoitzeko hizkuntza-eskakizun guztiak jaso behar dira Lanpostu-zerrendan, nolabait, horixe baita erakunde horri (gure kasuan, Laudioko Udalari) alor horretan dagozkion xehetasunak biltzen dituen agiri ofiziala.

 

Zenbat hizkuntza-eskakizun dago?

Administraziorako hiru dira existitzen diren hizkuntza eskakizunak, 1, 2 eta 3a, euskararen gaitasun gutxitik handira antolatuak. Bada, gainera, 4. hizkuntza eskakizun bereizi bat, lanpostu zehatz batzuei atxikia, hala nola, itzultzailea, idazkari nagusia eta antzekoak.

Irakasleen hizkuntza eskakizunen sistema antzeko baina, era berean, ezberdina da: bi baino ez dira dauden titulazio mailak. Gure herrian Lanbide Heziketako Udal Ikastetxea dugunez, honen amaieran, erreferentzia bat egingo diogu sistema horri.

 

Nola puntuatzen da euskaraz jakitea? Derrigortasunak.

Esan dugunez, lanpostu bakoitzak, definizioz, zehazturik izan behar du zein hizkuntza eskakizuna duen, hau da, praktikan, zenbat menperatu beharko da euskara bere jarduera normaltasunez garatu ahal izateko. Hala ere, lanpostu guztiek duten euskararen behar horiek ez dira lehentasun maila berekoak. Kasu batzuetan (lanpostuaren ezaugarriengatik: jendearen aurrekoa, ume eta gazteekin lan egitekoa, etab.) premia handikoa da euskararena eta, esan liteke, ezinbestekoa dela dagokion euskara maila hori egiaztaturik izatea. Orduan, esaten da lanpostu zehatz horrek “derrigortasuna” duela eta, hitzak dioenez, bete beharreko kontua da euskara maila hori bermatzearena. Gainontzeko lanpostu guztietan, hots, horrenbesteko lehentasunik ez dutenak, meritu bezala kontsideratuko da euskararen ezagutza. Guzti hau, arestian aipatutako 1997/86 Dekretu hartatik dator eta ulertzeko korapilatsua dirudien arren, ez da honenbestekoa. Ikus dezagun apurka.

Hasteko jakin behar dugu zenbat lanposturi ezar dakiokeen “derrigortasuna”. Bestela esateko, zenbat lanpostutan den ezinbestekoa euskararen ezagutza, bai langileak hautatzeko prozesu batean (“gai” ala “ez-gai” tankerakoa) bai lehentasuna emanez edozein euskalduntzeko barne-planetan.

Derrigortasuna duten lanpostuen kopurua ez da edozein modutan zehazten eta tokian tokiko euskaldun proportzioa aintzat hartuz zehazten da. Ondorio zuzenaz, eta nolabaiteko logikari jarraiki, euskaldun proportzio altua duten herrietan handiagoa izango dira euskararen derrigortasuna duten administrazio-lanpostuen portzentajea.

Ikus dezagun nola zehazten den kopuru hori. Lau urterik behin, Biztanleen Errolda egiten da. Bertako itaunei erantzunez, euskaraz zenbateraino dakigun aitortu behar dugu. Datu horiek eskuan, toki bateko euskaldunen ehunekoa eta ia-euskaldunen ehunekoaren erdia gehituta, herri horri dagokion derrigortasun maila lortuko genuke. Ikus dezagun adibide batez.

Gure herrian, Laudion, argitaratu den azken erroldako (2001) datuei begira, %21,9a dira euskaraz ondo egiten duten laudioarren ehunekoa. Eta %21,6 erdizkako euskaldunak direnak. Esan bezala, lehen datua eta bigarrenaren erdia batu behar ditugu. Horrela eginez gero, Laudioko derrigortasun indizea lortuko dugu: %31,7a. Ondorioz, eta nahi genuenari berriro lotuz, Laudioko Udaleko lanpostuen %31,7a euskaldunez horniturik egongo da. Hau da, lanpostuen %31,7ak derrigortasuna du.

Lehenago esan bezala, lanpostu horiek jendearekiko harremanak dituztenak, etab. izango dira, herritarren eskubideak ahalik eta ondoen betetzeko.

Bestetik, kopuru horretatik kanpo gelditzen diren lanpostu guztiak (Laudioko Udaleko kasuan, gainontzeko % 67,3a izango litzateke), hautaketa prozesu batez hornitu beharko balira, euskara puntuaziorako meritu bat izango litzateke eta ez kanporatzeko atala.

Horrelakoetan, meritua den kasuotan, lanpostuak 1 edo 2 hizkuntza eskakizuna definiturik badu, euskararen ezagutzak puntuazio orokorreko %5 eta % 10a bitarteko balioa edukiko luke. Eskakizuna, ordea, 3 edo 4 den kasuetan, %11 eta %20 bitartekoa izango da.

 

Nola lor daiteke hizkuntza eskakizun zehatz baten titulazioa.

Bi dira titulu horiek lortzeko bideak. Batetik eta kontuan izanik hizkuntza eskakizunena herri administrazioari begirako sistema bat dela, horretako langile guztiek (bai funtzionariek bai lan-kontratukoek) eskura dute urtean egiten diren azterketa deialdi bietara (horietako bakoitzak aukera bi ditu: nagusia eta “konparaziozkoa” izeneko errekuperazio edo bigarren aukera moduko bat) aurkezteko aukera.

Administrazioan lan egiten ez dutenek lor dezakete edozein lan-eskaintza publikotara aurkeztuz. Nahiz eta aurkeztu diren lanpostua, tamalez, lortu ez, euskara froga hori gainditu badute horren egiaztagiria eska dezakete. Baina oztopo txiki bat dago: 1. Hizkuntza Eskakizuna izatekotan, titulazio horrek bere balioa galduko du urte bi pasatu ostean (iraungipen-epe horretan ez dira zenbatuko herri-administrazioan lan egiten diren egunak).

 

Tituluen arteko baliokidetzak

Lortzeko beste modu bat, baliokidetzena da. Balio bera izango dute ondoren zehazten diren titulazioak eta euren mailak.

ADMINISTRAZIOKO HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA

IRAKASKUNTZAKO HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

EGA

HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALA

2 H.E. 1. H.E.    
3. H.E. 2. H.E. EGA 4. maila

OHARRA: Hezkuntzako 1. HE-k administrazioko 2. HE-ren balioa du baina ez alderantziz.

 

Baliozkotze hauek norabide guztietan dute indarra (gorago adierazitako irakaskuntzako 1 HEren salbuespena izan ezik). Hortaz, EGA bat aurkez dezakegu 3. HE baten ordez eta alderantziz. Baina, edozein modutan, ez dugu EGA titulua azterketa berezi hori gainditu arte. Baina, egia esanik, ez genuke ezertarako beharko, adibidez, Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. maila gaindituta edukiko bagenu.

 

Hizkuntza-eskakizunak lortzeko azterketak.

HAEE (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) erakunde autonomo bat da, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren egitura organikoaren atal bat izan. Bere izenak dioenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak jagoten ditu: Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak. Eta erakunde berau da, ondorioz, hizkuntza-eskakizunetarako azterketa deialdiak egiten dituena. Bere webgunean ondo baino hobeto argituko dizkigute zalantzak.

Bertan azterketa-deialdiak, parte hartzeko eskabideak, zerrendak, azterketa-ereduak eta hainbat gauza lagungarri jarri dute eskuragarri. Baina hobe zuk zeuk aztertzen baduzu: deialdiak.

Bestela, 945 017 629 telefonoan ere harrera ona emango dizute. Hauetaz gain, zer esanik ez, zure zalantzak argitzeko Euskara Arloan (944 034 890) edo Udal Euskaltegian (946 722 838) gaituzu.

 

Aurkezteko gutxieneko ezagutzak

Arestian esan bezala, nahi dugun hizkuntza-eskakizuneko titulua lortzeko bi dira ditugun aukerak: batetik, edozein lan-eskaintza publikotara aurkeztuz edo baliokidetzak erabiliz.

Baina, oro har, herri-administrazioko langileak dira dauden probetara aurkezten direnak. Bi izan ohi dira urtero. Lehenengo deialdia martxo eta apiril ingurukoa da eta azterketa ekain aldera. Bigarrenaren deialdia, irail edo urrian izaten da eta azterketa, ondoko urteko otsaila aldera. Hala ere, data hauek erreferentzia bat baino ez dira.

1. 2. edota 3. hizkuntza-eskakizunetara aurkezteko, gutxieneko ezagupen maila egiaztatu behar da. Hori dela-eta, atariko proba batzuk egiten dira jakiteko gaiturik zaudenentz benetako azterketara aurkezteko. Atariko proba horiek deialdi zehatz horretarako baino ez dute balio, hau da, nahiz eta gainditu, beste deialdi bera aurkeztu beharko bagenu berriro egin eta gainditu beharko genuke atariko froga hori.

Hala ere, erreferentzia moduan izateko baliagarriak izan daitezke honako argipen hauek. Esan daiteke, 1. eskakizunerako eskatzen den maila, euskaltegi homologatuetan 6. urratsa gainditu eta gero lortzen denaren antzekoa dela. Era berean, 2. HE 8. urratsaren parekoa da eta 3. HE 12.aren mailakoa. Jakina, orientazio hauek balio bera dute baliokidetzen taulan adierazitako pareko tituluetarako.

4. hizkuntza-eskakizunari dagokionez, gorago esan dugu nolabaiteko izaera berezi eta berezitua zuela. Gauza bera esan daiteke dagokion azterketara aurkezteko eskatzen diren zorroztasunei buruz. Kasu hauetan aurkez gaitezke:

  1. Betetzen ari garen lanpostuari 4. HE dagokionean.
  2. Betetzen ari garen lanpostuari 3. HE dagokionean eta bera egiaztaturik dugunean (azterketaz zein baliokidetzez).
  3. Betetzen ari den lanpostuari 1 edo 2 HE dagokionean baina hornitzen duen langileak 3 HE gaindituta eta erdi mailako titulazio bat dituenean.

 

Hezkuntzako hizkuntza-eskakizuna: LHUIko irakasleak

Irakaskuntza zentroetan lanean ari diren irakasleak beste hizkuntza-eskakizuneko sistema batez baliatzen dira, gorago esan dugun bezala. Administrazioarekiko, itxuraz antzekoa bada, mailaketa ezberdina dute. Eskuarki, esan daiteke udal batean ez dela batere arrunta irakaskuntza zentro bat izatea baina, geurean, Lanbide Heziketako Udal Ikastetxearen berezitasuna dugu.

Baliozkotze-taulan ikusi bezala, irakaskuntzan hizkuntza-eskakizun maila bi baino ez dago. 1. HE administrazioko 2.HAri dagokio eta 2. HE, administrazioko 3. HEri, EGAri edo antzerakoei.

Irakaskuntzan, lanpostuen hizkuntza gaitasuneko derrigortasunak, esan liteke, gizarteak berak markatzen ditu, lehen hezkuntza zikloetatik datozen ikasle guztiak euskarazko ereduetan ikasiak direlako. Hala ere, gure ikastetxeko kasuan ere, legezko derrigortasun horiek daude.

Eskolak euskaraz eman ahal izateko, halabeharrez, 2. HE egiaztaturik izan behar da, hau da, irakaskuntza sistemako gorenekoa.

Eskakizun hauen titulazioa lortzeko Eusko Jarlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerpen Sailak bideratzen ditu (baita EGA azterketak ere) bere Irale programaren bitartez. Honi buruzko informazio gehiago behar izanez gero, jo ondoko estekara: Hezkuntza.

Azterketetarako deialdiak era bikoak izaten dira: itxiak (Irale programaren bitartez euskalduntzen ari diren irakasleentzat) eta irekiak (irakaskuntzan lanetan ari den edonorentzat, hala nahi badute).