Helbideratu zure zergak


Castellano
Erantsi gustokoenari
Web-en mapa
Azala Aurrekoa

Euskara

Argitaraldia: 10/01/2006

EGA

 

Zer da EGA?

Izatez, EGA hitza Euskararen Gaitasun Agiria berben hasierako letrekin sortutako akronimoa da.

Bere izenak berak iradokitzen digu titulu honen bidez egiaztatzen dena pertsona horren euskara ezagutza dela. Zehatzago esanda eta bere definizio ofizialera joz “kasuan kasuko agiridunak euskara behar adinbateko trebetasunez erabiltzen dakiela, ahoz eta idatziz

 

Noiz eta zertarako sortu zen EGA

Euskadiko Autonomia Estatutuan onartutakoaren arabera, euskara da Euskadiko berezko hizkuntza eta ofizialtasuna du gaztelaniarekin batera. Hori erabaki zenetik, hizkuntza bi horietan gaitasunez aritzen zirenen beharra handituz joan da.

Baina zaila zen erabakitzea nork egiten zuen ondo euskaraz eta nork ez, bai ahozko jardueran bai eta idatzizkoan ere. Lan-munduko beharrei begira, ezagutza edo gaitasun horiek neurtu eta egiaztatu behar ziren, nonbait. Horretarako, besterik ezean, azterketak egitearena da biderik erabiliena.

Euskaltzaindia, euskal hizkuntzarako akademia, izan zen estrainako azterketa orokorrak bideratu zituena. Hortik atera ziren titulazio-sistema berezi batez erdietsitako lehenengo gaitasun agiriak (egungo EGAren parekoa “Euskaltzaindiaren D titulua” izenaz ezagutzen zen). Baina hain piztu zen azterketa horiek egiteko grina ezen, horretarako baliabide eta egituraketa barik, ezin izan baitzuten aurrera jo. Orduan, Eusko Jaurlaritza berriaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arindu zuen Akademiaren ardura-zama hori, beste azterketa eta titulu-sistema bat sortuz.

1982-04-02 eguneko Aginduaren bitartez (EHAA: 1982-05-04) plazaratu zen lehenbizikoz EGA titulu ospetsua eta, deialdiarekin batera, urte hartako azterketetarako zehetasun guztiak.

Arrakasta ikusita, geroagoko beste Agindu batez, 1982-09-20 egunekoaz hain zuzen ere (EHAA: 1982-11-06), modu orokorrago batez eta zehetasun gehiagoz garatu zen, behin-betiko izaera hartuz. Agindu hartan esaten zenaren arabera, Euskararen Gaitasun Agiria (eta bere azterketak) eratu ziren “hainbat ikasketa, lanbide eta gizarte-zereginetarako euskara ezaguera eta erabilera neurtu eta segurtatuko duen frogabide amankomun eta zehatz baten beharraz jabeturik”.

 

Nolakoa da EGA azterketa?

Izatez EGA titulua lortzeko azterketa hiru frogan zatiturik dago. Banan-banan gainditu beharko ditugu hurrengora aurkeztu ahal izateko. Hauek dira:

1. Atariko proba. Honen xedea azterketa egiteko asmoz aurkezten den jendetzari galbahe-lana egitea da, hau da, aurretiazko hautaketa bat egitea.

Honetarako froga, test modukoa da, zuzenketa modu arin eta errazago batez egiteko. 100 dira erantzun beharreko galderak eta, bakoitzari lau erantzun posible atxikitzen zaizkio. Horietatik 15, entzute saio bati dagozkio. Jakina, aukeran ditugun lau erantzunetatik bat da zuzen dagoen bakarra.

2. Idatzizko proba. Seguruenik, proba guztien artetik garrantzi gehien duena. Izatez, proba bat baino, bost dira baina saio bakar batean bildurik.

  • 2.1 Sinonimoak. Hitz batzuk emango dizkigute eta ezagutzen ditugun beren sinonimoak erantzun behar ditugu. Helburua, hiztegiaren ezagutza.
  • 2.2 Berridazketa. Esaldi batzuk emango dizkigute eta guk beste modu batez erantzun beharko ditugu baina esanahia aldatu barik, hau da, euskararen morfosintaxia menperatu beharko dugu.
  • 2.3 Irakurmena. Honetan, testu bat emango digute irakurtzeko. Hau egin eta gero, test moduko galdera batzuei erantzun beharko diegu.
  • 2.4 Ahozkoaren ulermena. Guk barik, beste batek irakurriko digu testu bat oraingo honetan. Eta guk egin beharreko lana, test erako hamar galderari erantzutea da.
  • Idazlana. Gai pare emango digute aukeran. Horietako bat hautatu eta 300 bat lerroko testu idatzi bat sortu beharko dugu. Ordu beteko epea izango dugu.

3. Ahozko proba. Esan bezala, honetara aurkeztu ahal izateko aurrekoa gainditu behar da. Azterketa-egun horretan, testu bat eta gai bi izango ditugu, ahoz eta epai-mahai baten aurrean garatzeko, gutxienez, bost minutuz. Prestatzeko, ordu erdi bat utziko digute.

OHARRA: EGA azterketara goazen guztietan aipatutako hiru probak (atarikoa, idatzizkoa eta ahozkoa) gainditu behar dira halabehar. Hobeki ulertzeko adibide batez baliatuko gara: baten batean atariko eta idatzizko probak gainditu bagenituen baina ez, ordea, ahozkoa, beste urte batean aurkeztean berriro egin eta gainditu beharko ditugu hiru probak.

 

Nola aurkeztu EGA azterketara

Deialdi ireki zein itxi batez aurkez gaitezke. Azkeneko honetan, euskaltegi baten bitartez joango gara eta, bien artetik, ohikoena da. Dakigunez, Laudion Udal Euskaltegi bat duzu nahi duzun argibidea eskuratzeko (Lamuza, 13 – Tfnoa: 946 722 838). Beste aukera bat Berbots euskaltegia da, AEKren sarekoa (Zubiaur, 5 – 946 726 722).

Edozein izanda gure aukera, hauek dira matrikulatzeko eraman behar ditugunak: inprimaki bat gure datuekin, NANaren fotokopia bat eta azterketa-tasen ordainagiri bat.

Bi izan ohi dira urtero konbokatzen diren EGA azterketak. Lehena, ekain aldera eta, hurrena, irailean. Matrikulak apiril eta uztailaren hasieran egin behar dira, hurrenez hurren.

Edozein modutan, datak, zerrendak, eta gainontzekoak kontsultatu nahi badituzu, oso egokia duzu EGA entzutetsurako garatu duten ondoko webgunea: EGA.