Euskara sustatzeko plana Laudioko merkataritzan eta ostalaritzan
Laudio Udaleko Euskara Arloak Merkatari eta Ostalariekin ekimen berria jarri du abian. Lehenago ere hainbat saiakera egin izan dira eta honakoa haien segida izango litzateke.
Ekimen berri honetarako Elhuyar Aholkularitza hartu dute bidelagun eta beraiek izango dira prozesua gidatuko dutenak.
Asmoa da dendariekin eta ostalariekin zuzenean lan egitea eta horiekin batera diseinatu eta gauzatzea ekintza eta jarduera guztiak. Lana burutzeko, uztaila bitartean 5 bilera egiteko asmoa dugu. Bilera horietan euskarak merkataritza eta ostalaritzaren alorrean duen egoera aztertuko da eta denen artean finkatuko dira egoera hori hobetzeko helburuak eta ekintzak. Era berean, dendari eta ostalariek dituzten premiak aztertu eta euskara bultzatzeko bitartekoak eskainiko dira.

Lan-taldeak lehenengo bilera egin zuen martxoaren 22an eta sektoreko 20 kidek parte hartu zuten. Batzarrean planaren asmoen berri eman zen eta taldean parte hartzeko konpromisoa hartu zuten bertaratu zirenek.
Komunikazioari garrantzia berezia eman nahi diogu eta taldean egindakoaren berri gainerako merkatari eta ostalariei ezagutaraziko diegu plana bere egin dezaten. Herritarrek, bezero diren aldetik, planaren hainbat unetan parte hartu edo gutxienez haren berri izan dezaten bitartekoak jarriko ditugu.
Hurrengo batzarra apirilaren 6an egingo dugu eta helburua izango da eguneroko praktikan oinarrituta euskara erabiltzeko izaten ditugun arazoak aztertzea. Bilera APILLen egoitzan izango da, 14:30-16:00etara. Interesik izanez gero, deitu Euskara Arlora: 94 403 48 92.
Martxoan hasi eta gaur arte hiru bilera egin ditugu. Hiru bilerotan, euskararen erabilerari dagokionez, merkatari eta ostalarien praktikak, arazoak, ahalbideak eta beharrak aztertu ditugu. Egindako lanak gaur egun Laudion eta sektoreari dagokionez, euskararen egoera zein den eta aurrera begira zer egin genezakeen definitzen hasteko balio izan digu.
Besteak beste, hiru ildo garrantzitsu dira landu beharko direnak:
- Paisaia linguistikoa
- Dokumentazioa
- Ezagutza eta erabilera
Erabilerari dagokionez, berau sustatzeko kanpainak diseinatu eta martxan jartzea aurreikusi dugu.
Orain arteko lanketak eman diguna hau izanik, aurrera begira lehentasunak markatzea dagokigu. Hau da, gai guztiak garrantzitsuak izanda ere, zeri emango diogu lehentasuna? Galdera horri erantzungo diogu hurrengo batzarrean eta horrekin lotuta ekintza-plana zehazten hasiko gara.
Gogoratu beste bi bilera egingo ditugula uda aurretik eta interesgarria deritzogu zer esana izan dezakeen pertsonen parte hartzearekin prozesua aberastea.
Hurrengo batzarra ekainaren 14ean egingo dugu eta helburua izango da lehentasunak markatzea eta ekintza-plana lantzen hastea. Bilera APILLen egoitzan izango da, 14:30-16:00etara. Interesik izanez gero, deitu Euskara Zerbitzura: 94 403 48 92.
|